Abkhazia (1). Independentziarako bidean. Testuinguru politiko eta soziala.

1991ko martxoaren 17an SESB osoan erreferenduma egin zen Batasunaren etorkizunari buruz. Erreferendum horren emaitzek georgiarren eta abkhaziarren jarrera antagonikoak zehaztu zituzten: Georgiak, Baltikoko errepublikak bezala, uko egin zion erreferendumean parte hartzeari; Abkhaziak, aldiz, parte hartzeaz gain, Sobietar Errepublika guztien aldeko boto-emaileen ehuneko handienetako bat erakutsi zuen (% 98,6). Jarrera guztiz kontrajarri horiek abkhaziarrek eta georgiarrek beren iragan historikoaz egiten zituzten irakurketa ezberdinak islatzen zituzten. Horrela, Georgiako elite politikoaren zati esanguratsu batek sobietar aroa bere historiaren orrialde ilun baten moduan hartzen zuen bitartean, atzerriko okupazio-denbora bezala interpretatuz (sobietarra eta errusiarra, aldi berean), aldiz, SESBri buruzko abkhaziar ikuspegia ez zen hain haizakor baloratzen, eta, sarritan, baita sinpatiaz ere. Hori guztia etorkizuneko politikekin bat ez datozen ikuspegien adierazle argia da, eta, ondorioz, georgiar eta abkhaziar estatuen proiektuen bateraezintasunarena. Egoera “neurgaitz” politiko horri, etorkizuna partekatzeko hizkuntza teoriko komunaren gabeziari, sobietar aurreko aroari dagokion historia luze eta korapilatsuaren gorabeheren ondorioz heldu zitzaion. Beraz, labur bada ere, haren iragan historikoa ezagutu beharko da.
Ubicación de {{{nombre_común}}}
Abkhaziarrek Abkhazio-Adygeo hizkuntza-taldeko hizkuntzetako bat hitz egiten dute, eta mendebaldeko Kaukasoko herriekin batera, hauekin harreman estua dutelarik, paper garrantzitsua betetzen dute Kaukasoko garapen etnokulturalean. Abkhazia kulturalki berezia eta bereizgarria izan da garai klasikotik. Kolkida bezala ezagutua, bere kostaldea, greziarrek kolonizatu zuten K. a. VI. mendean. Gaur egungo Sukhum eta Gagra hirietatik gertu zeuden hiriak sortu zituzten, Itsaso Beltzean merkataritza gune garrantzitsu bihurtu zirenak. Garai zahar honetan, historialariek eskualdeko aniztasun linguistiko eta etniko handiaren lekuko dira, eta Apsilae edo Abasgoi izeneko herri baten existentzia aipatzen dute, ziur asko Abkhaziako lehen erreferentzia historikoa. Eskualde honetan jaiotzen dira Jason eta argonauten elezaharrak, hara joan zirenak Medea sorginaren urrezko ahari-larruaren bila. Garai helenistikoan, Pontoko errege Mitridatesek (K. a. 111-63), Kolkida bere erresumara gehitu zuen.
Erromatar Inperioaren garaian jada, hasiera batean, Galazia probintziaren zati bezala anexionatua izan zen, ondoren, Trajanoren agintepean, Pontoko probintziaren zati izatera pasatuz Georgia izenarekin. Erromatar boterea iraungita, Vakhgant I.ak (446-502) Bagratidar dinastia sortu zuen, sasanidarren herrialdea askatu zuen, bere domeinuak Transkaukasia osora hedatu zituen, eta Tbilisi bere hiriburu bezala aukeratuz Georgiako Elizaren autozefalia (independentzia) aldarrikatu zuen. Azkenik, persiarrek garaitua (502), Georgia bitan zatitua izan zen: ekialdeko Georgia, Kartli erresumari erantsia izan zen, eta Mendebaldeko Georgia, Kolkidari dagokiona, Lazikako Abkhaziar Erresuma deitua, bide propio bat jarraitu zuen. Abkhaziar erresuma hau hazi egin zen eta VIII. mendean Bizantzioren eta Bagdadeko Kaliferriaren erabateko independentzia lortu zuen Leon II.aren erregealdian, bakea eta oparotasuna lortuz Demeterren erregealdira arte (967-975), honek, borroka feudalen ondorioz ahulduta, boterea Georgiako Bagratidetara pasatzea erraztu zuelarik. 989an, Bagrat III.ak Georgiako Erresuma bere aitarengandik eta Abkhaziako Erresuma bere amarengandik oinordetu zituen, Bagratidar dinastiaren pean bateratuz.
http://www.conflicts.rem33.com/images/abkhazia/Czerwon_E_files/image003.jpg
XIII. mendeko mongoliarren inbasioek, erresuma bateratu hau suntsitu zuten. Halarik ere, Abkhaziako lurraldea eraso hauetatik kanpo geratu zen, eta ondorioz, berriz ere, banandutako printzerri bat bihurtu zen, bere existentzia zenbait mendez luzatuz, XVI. mendean otomandar eraginpean erori aurretik. Otomandarrek, 1570ean, Sukhum hiri bihurtutako gotorleku bat eraiki zuten, bertatik, Abkhazia osoaren gaineko euren kontrola hedatu zutelarik, biztanleria islamera bihurtzeko euren saiakerek, aldizkako iraultzak (1725, 1733, 1771, 1806 …) eta lurraldean etengabeko gatazkak eragin zituzten arren. Abkhaziako printzerria, garai honetan, eremu txikiago askotan erori zen, baina 1810ean bateratu egin zen, errusiarrek inbaditu eta lurraldea bere Inperioari erantsi ziotenean. Halarik ere, George izeneko abkhaziar printzearen gobernua, baita bere ondorengoena ere, Sukhum ingurura mugatzen zen, errusiarrak zeuden tokira, gainontzeko lurraldea, noble musulmanek gobernatzen zuten bitartean. Hurrengo errusiar-turkiar gerrak, neurri handi batean, errusiar posizioa indartu zuen, honen ondorioz, arrazoi erlijiosoetan oinarritutako abkhaziar elitearen banaketa batera eraman zuelarik. Ondoren, errusiarren presentzia handitu egin zen, eta Kaukasoko mendebaldeko menditarrak, azkenean, Errusiak menderatu zituen 1864an. Abkhaziar autonomia, eskualde arazotsu honetan errusiarren aldeko “tanpoi eremu” bat bezala funtzionatu zuenak, bere garrantzia galdu zuen tsarren gobernuarentzat, eta abkhaziar gobernua bere amaierara iritsi zen. 1864ko azaroan, Mijail abkhaziar printzea bere eskubideei uko egitera behartua izan zen, eta Abkhazia Errusiar Inperioan Sukhum-Kaleko “probintzia militar” berezi bezala sartu zen, ondoren (1883) “okrug” bihurtua Kutaisiko Gobernazioaren zati bezala.
Kaukasoko (1817-1864) errusiar gerra-inbasioak heriotza ugari eragin zituen, baita abkhaziarren proportzio handi batek (%60) Turkiara ihes egitea eta erbesteratzea ere. Gerra ondoren, Errusiako agintari inperialek, kristau georgiarrak Transkaukasian euren aliatu garrantzitsuenetakotzat hartzen zituztenak, georgiar etnikoen etorrera bultzatu eta erraztu zuten Abkhaziako lurretara. Beraz, 1886an abkhaziar etnia Abkhaziako biztanleriaren %85,7 zen bitartean, 1897an %55,3ra jaitsi zen. Eta hori funtsezko faktorea izan zen gatazka leher zedin; izan ere, Errusiako Inperioa iraultza boltxebikearekin kolapsatu eta bere lurraldean estatu independente berriak sortu zirenean, Abkhaziako arazoak interesen talka eragin zuen boltxebikeen, Denikinen armada zuriaren eta Georgiako Errepublika Demokratiko izendatu berriaren artean. Iraultzarekin, Abkhazia alderdi politiko ezberdinetan banatu zen: abkhaziar nobleziak Georgiako Errepublika Demokratikoaren alde egin eta errusiar indar zuriei lagundu zien, Abkhaziako komunistek boltxebikeen alde borrokatu zuten bitartean. 1918ko udan, Georgiatik independentzia aldarrikatua, Abkhazia Georgiako estatu berrian sartu zuten, eta hori Georgiako agintari zentralek abkhaziar mugimendu nazionalaren aurkako ekintza errepresiboekin gertatu zen. Gutxiengo etnikoen aurrean Georgiako gobernu mentxebikearen politika errepresibo hauek, abkhaziar herriarekiko sinpatia sorrarazi zuen Sobietar Errusian eta boltxebikeen mugimenduaren barnean. 1921eko martxoan, Abkhaziako Sobietar Errepublika Sozialista aldarrikatu zen, eta, urte bereko abendurako, Georgiaren (une horretan sobietar bihurtu zena) eta Abkhaziako RSSaren arteko akordio bat sinatu zen, honen bidez, Abkhazia Georgiaren zati izango delarik.
Beraz, 1922-1930 aldian, Abkhazia errepublika sindikal elkartua izan zen, baina ez Georgiaren menpekoa. 1931ko otsailaren 19an, Stalinek Abkhaziari maila hori kentzea eta Georgian errepublika autonomo bezala sartzea erabaki zuen. Abkhaziako hainbat herritan protesta jendetsuak izan ziren aldaketa horren aurka, baita behartutako kolektibizazioaren aurka ere, gerora Sobietar Batasun osoan martxan jarri zena. Lavrenti Beria Georgiako buruzagiak segurtasun poliziaren destakamendu bat mobilizatu zuen protestak erreprimitzeko, baina Nestor Lakobak, Abkhazia Sobietarraren lehen liderrak, konfrontazioa desaktibatzea eta odol isurketa saihestea lortu zuen. Abkhaziak de facto autonomia garrantzitsua izan zuen beste 5-6 urtez, eta orain Lakobak Tbilisira maiz bisita egin behar bazuen ere georgiar buruzagiekin kontsultatzeko, kolektibizazioa geldiarazi ahal izan zuen, baita ekidin biztanleriaren gainean orokortzen ari ziren purga estalinistak ere.
Nestor Lakoba, karisma handiko buruzagia, herriaren babesaz gozatu zuen, eta abkhaziarrak zein georgiarrak, errepublika barruan ondo moldatzen ziren; izan ere, Lakobaren emaztea bera Batumi-ko emakume georgiarra zen. Hala, Abkhazia, asaldura orokorreko une batean, babes bakarreko egoeran zegoen, etnien arteko egonkortasun eta harmonia aldi batez gozatu zuen, eta bide batez, ekonomia eta kulturaren alorretan aurrera pauso handiak lortuz. Halarik ere, Beria, Abkhaziako familia georgiar batetik jaioa eta Georgia eta Transkaukasia Sobietarreko liderra, Lakobarekin etsaitu zen, Lakobarengan aurkari bat ikusten baitzuen Stalinekiko zuen eragin eta adiskidetasunagatik. Etsaitasun horrek amaiera tristea eta ondorio latzak izan zituen Lakoba eta Abkhaziarentzat.
Resultado de imagen de Нестор Лакоба и его жена Сария
Nestor Lakoba eta bere emaztea Sariya
"Herriaren etsai" izendatuta, Beriak 1936an Lakoba hil zuen eta haren familia jazarrita. Ondoren, 1937an eta 1938an (SESBeko Izu Handiaren garaian) Abkhaziako politikaren eta elite enpresarial, kultural eta akademikoaren lerroak txikitu zituen purga bat jarraitu zuen. Purgaren biktima ia guztiak abkhaziar etniakoak zirenez, elitearen osaera etnikoa nabarmen aldatu zen. Hala, 1952. urterako, alderdiko eta gobernuko 228 funtzionario nagusien %80 baino gehiago georgiar etniako pertsonak ziren, baita Abkhaziako enpresa-kudeatzaileak ere. Gainera, Beriak  diskurtso akademiko faltsu baten asmakuntza bultzatu zuen, zeinen bidez abkhaziarrak Abkhaziako bertakoak ez zirela “iritsi berriak” baizik. Hau gutxi balitz, eta asmakeria honetaz baliatuz, kolono georgiar etniko ugari Abkhaziara samaldaka migratzea sustatu zuen.
1937-1953 aldian Georgiak abkhaziar populazioaren aurkako diskriminazio politika bat aplikatu zuen, hedapen georgiarreko garai ilun bat sofrituz eta herri bezala orokortutako errepresio bat jasoz. 1937-1938an, Abkhaziaren alfabetoa georgierak ordezkatu zuen, honen hizkuntza Abkhaziako eskoletan irakasteko hizkuntza nagusia bihurtu zelarik. Buruzagi georgiarrak, Abkhaziako georgianizazio politika honetan parte hartu zuten gogo bizikoak izan ziren. Garaiko artxiboetan ikertuz, argi dago 1949an abkhaziarrak Erdialdeko Asiara ere deportatzeko planak prestatzen ari zirela. Stalinen garaiaren amaieran georgiarren aurka sortu zen mingostasuna, 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hamarkadaren hasieran abkhaziar-georgiar gatazkaren gorakadaren azpian zegoen faktore garrantzitsu bat izan zen. 1950eko hamarkadan, abkhaziarrak populazio osoaren %15 baino ez ziren, ondoko taulan ikus daitekeenez.

https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/0/0b/Soviet_Caucasus_map.svg/1280px-Soviet_Caucasus_map.svg.png
Geroago, Khrushchevek, adiskidetzaileagoa zenak, abkhaziarrek jasandako gehiegikerien ordainetan, haien aldeko errehabilitazio politika ezarri zuen bere kultura, hezkuntza eta komunikabideak suspertuz. Horrela, 1978an abkhaziera estatuko hizkuntza bihurtu zen lurralde autonomoan, georgiera eta errusierarekin batera. Baina aurreko diskriminazio etnikoaren politikak eragin oso negatiboa izan zuen, eta abkhaziarren artean pertzepzioa sortu zen, 1960-1980ko hamarkadan ere, Georgiako RSSren politika sozial eta ekonomikoak Abkhazian georgiar talde etnikoak eskala handian birkokatzea bermatzera bideratuta zeudela, oreka etno-demografikoa aldatzeko, abkhaziar herriaren kaltetan. Abkhaziarren susmoek oinarri handia zeukaten, datu demografikoak oso adierazgarriak baitira. 1959an, 158.221 georgiar zeuden (%39,09); 61.193 (%15,12) abkhaziarrak. 1970ean 199.955 (%41) georgiarrak ziren; 77.276 (%15,87) abkhaziarrak. 1989an, 525.061 biztanletik 239.800 (% 45,68) georgiarrak ziren; 93.200 (% 17,8) abkhaziarrak. Datu ikaragarriak abkhaziarrentzat, oso minoritarioak beren lurraldean.
Errolda
Abkhaziarrak
Georgiarrak
Guztira
1959
61.193       %15,12
158.221        %39,09
404.738
1970
77.276       %15,87
199.955        %41,01
486.959
1989
93.200       %17,80
239.800        %45,68
525.061

Georgiako RSS barruan Abkhaziako errepublika autonomoa sortu zenetik, aldian behin abkhaziarrek euren egoera berriz aztertzeko eskatu zuten. 1931, 1957, 1967 eta 1977an, Abkhaziako intelligentsia nazionalak, bata bestearen atzetik, Kremlinari dei egin zion Georgiako RSStik desagregatzeko eskatuz, dela Errusiako Federazioarekin batzeko, dela Abkhaziako RSS independente bat eratzeko. Modu berean ikus daiteke 1977ko abenduan idatziriko “130etako Gutuna”, oihartzun handiko saiakera izan zena, Gorbachoven perestroika hasi baino lehenago  Kremlinera zuzendutako azkena. Gutun honen agerpena SESBko Konstituzioa 1977an onartzearekin lotuta dago, zeinaren bidez Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren (SBAK) Kontseilu Gorenak errepublika autonomoen konstituzioak onartu baizituen. Gutunaren egileek sobietarren alderdiko eliteari argiro mahaigaineratu zioten, errotik,abkhaziar auzia, hau da, bi errepubliken arteko elkarbizitzaren ezintasuna eta, beraz, Abkhaziako Errepublika Autonomoa Georgiako RSStik bereiztearen saihetsezintasuna. Halarik ere, Kremlingo buruzagi sobietarrek uko egin zioten ekimen honi. Jarraian Abkhaziako Alderdi Komunistaren Batzordeak gutunaren sustatzaileak gogorki kritikatu zituen gorroto etnikoak pizteagatik, eta "ikuspegi nazionalista oker eta kaltegarrietan" sustatzenagatik. Haien aurkako etsaitasunezko kanpaina doilor eta zitala zabaldu zen deskalifikatzeko, haietako asko SBAKren alderditik kanporatuak izan ziren, beren karguetatik baztertuak eta auzipetuak. 1978ko herri mobilizazioek, errepresaliatuen defentsan, errepublika osoa astindu zuten, eta Tbilisiko metropoliaren diktaduraren aurkako protesta masibo bihurtu ziren. Kremlinek batzorde bat bidali behar izan zuen Abkhaziara, SBAKeko Batzorde Zentraleko idazkaria eta goi-mailako alderdiko beste funtzionario batzuk buru zituela, eta horiek 1978ko apirilaren 25eko Ebazpenean aitortu behar izan zuten Abkhaziako ASSR erakundearen ekonomiaren eta kulturaren garapenean kalkulu-akats handiak zeudela. 1978ko ekainean, SBAKeko Batzorde Zentralak eta Batasuneko Gobernuak ebazpen bat emana zuen "Abkhaziako ekonomia eta kultur arloetan biziagotzeko eta garatzeko hartu behar diren neurriei buruz".  Erabaki horretan klausula bat sartzen da zeinetan Abkhaziako Unibertsitatearen inaugurazioa eta abkhaz hizkuntzan (abkhazeraz) emandako telebista saioak aitortzen baitziren. 1977-1978ko gertaerek eragin izugarria izan zuten herriaren nortasun nazionala sakontzeko, Abkhaziaren independentziaren aldeko borrokarako oinarri ideologiko eta legal sendoa ezarri zutelako.
Resultado de imagen de письмо от декабря 1977 года от интеллигенции Абхазии
Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren Kontseilu Gorena 1977ko bilkura batean batzartuta    
SESBeko azken urteetan, sobietar nazionalitate guztiak berpiztu zirenean, georgiar eta abkhaziarren arteko gatazkaren gorakadak saihestezina zirudien. Izan ere, talka behartua izan zen diskurtso nazionalista georgiarrak Georgiako Errepublika Demokratikoaren (1918-1921) politika berrezartzeko eta legezko jarraitutasuna izateko deia egin zuenean. Denek zekiten Errepublika georgiar hark Abkhaziarekin oso harreman zail eta nahiko anbiguoak izan zituela, eta ondorioz georgiar-abkhaziar mugimendu nazionalen talka puntua lehertzear zegoela laurogeiko hamarkadaren amaieran. Ikuspuntu logiko batetik, pentsatzekoa zen Georgiaren askapen nazionalaren hasierak abkhaziar herriaren autodeterminazioa azkartuko zuela. Bestalde, “Abkhaziako demografia politikoaren” berezitasuna faktore gehigarri bat zen konfrontazio horretan; izan ere, Abkhaziako mugimendu nazionala, hau da, talde etniko “titularra”, ez zen gehiengo numerikoa, eta, ondorioz, ezin zuen “gehiengoaren borondatera” jo. Izan ere, georgiarrek Abkhaziako komunitaterik handiena izanik, erreserbarik gabe aldezten zuten Georgiaren lurralde osotasunaren zaintza. Beraz, abkhaziar mugimenduak aliatu bat behar zuen bere politika aurrera eraman ahal izateko, eta Moskun aurkitu zuen bilatzen ari zena.
https://02varvara.files.wordpress.com/2011/03/01-ria-novosti-infographic-referendum-on-the-preservation-of-the-ussr.jpg?w=1400&h=1120
Bi komunitate etnikoen arteko zatiketa politikoa areagotu egin zen 1991ko martxoan bi erreferendum egin zirenean. Lehena, SESB berritzeari buruzkoa, 1991ko martxoaren 17an izan zen; eta bigarrena, Georgiako Errepublika Demokratikoaren independentzia berrezartzeari buruzkoa, 1991ko martxoaren 31n. Abkhazian, abkhazia etniako biztanleek baldintzarik gabe babestu zuten Mosku lehen erreferendumean parte hartuz eta bigarrena boikotatuz. Aitzitik, Abkhazian bizi ziren georgiarrek, baita gainerako Georgian bizi ziren herrikideek ere, uko egin zioten Sobiet Batasunaren etorkizunari buruzko bozketa egiteari, eta gogotsu parte hartu zuten Georgiako Estatua berrezartzeari buruzko erreferendumean. Nolanahi ere, buruzagi abkhaziarrek Abkhaziako errusiar, greziar eta armeniar etnikoen babesa izan zuten. Hau gertatu zen georgiar politikariek, nazionalismo etniko erradikalaz eta elementu anti-arrusiar eta anti-armeniar bortitzez barneratuak, euren homologo abkhaziarrekin gutxieneko elkarrizketa baten oinarriak sortzea ezinezkoa izaten zutelako. Horrek guztiak Abkhaziako mugimendu nazionala indartu zuen neurri handi batean, Georgiatik bereizteko nahian.
Gamsajurdia buru zuen nazionalismo georgiarrak, estatu georgiar homogeneo eta batu bat sortzeko ahaleginean, Georgiaren barnean Abkhazia eta Hego Osetiako autonomien existentzia anomalia politikotzat hartu zuen, zuzendu behar zen Moskuko politika anti-georgiarraren ondorio tristetzat, eta ukatu egin zuen abkhaziarrak eta osetiarrak nazionalitate bereiziak zirenik. Bestalde, Abkhaziako politikariek Georgiaren barruan Abkhaziaren autonomia ikusi zuten sobietar politika nazionalaren bidegabekeria eta akats tragiko gisa, baita Kremlin komunistak Moskuko lobby georgiarraren eraginpean egindako sakrifizio gisa ere. Ondorioz, Abkhaziako buruzagiek ahal zuten guztia egin zuten Georgiatik banantzeko, edo, gutxienez, Georgiaren barnean zuten errepublikaren egoera politikoa hobetzeko. Iragan historikotik erabat ezberdinak ziren pertzepzioek garapen politikorako itxaropen eta ildo oso desegokiak ekarri zituzten, aurreikus zitekeen talkaren oinarria eman zutenak. Ondorioz, nazio eraikuntzako elkarrekiko proiektu antagoniko eta bateraezinek, gero eta agerikoagoak ziren anbizio politikoekin batera, gainerakoa egin zuten, zalantzarik gabe dimentsio etniko argiko gerra batera eramaten.
Dena azkar gertatu zen. 1991n Georgiak independentzia aldarrikatu zuen eta 1992ko martxoan Georgiako Errepublika Demokratiko zaharreko 1921eko Konstituzioa jarri zuen indarrean. Tbilisik, Sobietar Batasunarekin zuen harreman konstituzionala alde bakarrez aldatzea erabakitzeaz gain, Abkhaziaren autonomia abolitu zuen, abkhaziar interesak kontuan hartu gabe, eta, beraz, ekintza hau, Abkhaziako hiriburu zen Sukhumen anexio kolonial bezala ikusia izan zen. Erabaki garrantzitsu hori larriagotu egin zen 1992ko martxoan nazioarteko komunitateak Georgia bere muga sobietarren barruan (hau da, Abkhazia barne) aitortu zuenean, baina Abkhaziaren estatus edo autonomia propioaren inolako bermerik gabe. Abkhaziarrek arriskuan ikusi zuten euren existentzia, eta beldur hori baieztatu egin zen Georgiako armada Abkhaziako lurraldera mobilizatu zenean, Georgia onartu eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), Munduko Bankuak (MB) eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) kide gisa onartu eta lau hilabetera. 1992ko uztailaren 23an abkhaziarrek Abkhaziako Errepublikaren independentzia aldarrikatu eta Sukhum hirian hiriburua zuen gobernu bat ezarri zuten. EBk, NBEk eta AEBk uko egin zieten abkhaziar asmoei, Georgia onartu zuten eta haren gobernua babestu. Horrek ekarri zuen Georgia Errusiaren eragin-eremutik ateratzea eta Mendebaldean kokatzea, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen (IAIE) zati gisa. 1992ko uztailaren 31n, Georgiako armadako tropek Inguri ibaia zeharkatu eta gerra hasi zuten. Hasiera batean, georgiar-abkhaziar gatazka, georgiarrentzat arrakasta militarra izan zen arren, Kaukaso iparraldeko mugimendu nazionalisten pro-Abkhazia partehartze esanguratsuak, Mosku, konfrontazioari amaiera emateko neurri erabakigarriagoak hartzera behartu zuen. Gerra, 1993ko irailak 27an amaitu zen, Abkhaziako gobernuak Sukhum berreskuratu zuenean, Georgiako okupaziotik libratu eta gerrari amaiera ematea lortu zuenean, NBEren eta Errusiaren bitartekaritzarekin. 1993an abkhaziarrek eta georgiarrek bakea sinatu zuten, eta bakea mantentzea NBEren eta Estatu Independienteen Erkidegoaren esku (EIE) geratu zen. Gatazka armatuak ondorio latzak izan zituen: 5.000 georgiar eta 3.000 abkhaziar baino gehiago hil ziren, ia 250.000 georgiar (gerra aurreko biztanleriaren erdia) Abkhaziatik ihes egin behar izan zuten, horietatik 40.000 bakarrik itzuli ziren. Liskarrak amaitu eta hurrengo urteetan 700 lagun hil ziren lurreko minen leherketaren ondorioz, eta gatazkaren galera ekonomikoak 10.000 milioi eurokoak izan ziren.
https://gdb.rferl.org/84E7E7EB-1C6B-46FE-BC3D-72F93F598A52_w1597_n_r1_st.jpg
Errusiako presidentea Boris Yeltsin (erdian), Abkhaziakoa Vladislav Ardzinba (ezkerraldean) eta Georgiakoa Eduard Shevardnadze (eskuinean) Moskun izandako bilkura baten ondoren.
Genevan egindako bake plana, NBEk eta Errusiak babestua, Georgiaren lurralde osotasunaren printzipioan oinarritu zen hasieran, eta Abkhazia "Georgiako Estatuaren barruan zuzenbide estatuan oinarritutako erakunde subirano" gisa definitu zuen. Abkhaziarrak "Georgiako estatuaren barruan" jarriko lituzkeen edozein erabakiri uko egitean zurrunak izan ziren; georgiarrek, berriz, ez zuten onartzen Abkhaziaren "subiranotasuna" Georgiaren barruan, eta, beraz, bi aldetako inork ez zuen bake plana ontzat hartzen. Errusiaren jarrera bitartekariak, Georgiaren lurralde osotasuna babesten zuenak, aldaketa nabarmena izan zuen 1999az geroztik, georgiar gobernua quo estatusa aldatzen eta alde bakarreko "gatazka desizozten" saiatu zenean, Errusiako Federazioaren interesak aintzat hartu gabe. Georgiar politikariek Errusiaren potentzialari buruz egin zuten akatsa sekulakoa izan zen. 1996ko Txetxeniako lehenengo gerran gertaturiko Errusiaren porrotak, georgiar buruzagiei eragin zien pentsatzera Errusia ahulduta zegoela, eta, puntu honetan, bere hauskortasuna eta gainbehera gehiegi estimatu zuten, Kaukasoko geopolitikan errusiar botere hegemonikoaren erretiroaren hasiera iritsia zela. Uste oker honek Georgia bi akats nabarmen egitera eraman zuen: batetik, errefuxiatu txetxeniarrei mugak ireki zizkien Errusiak 1999an Txetxenian bigarren operazioa abiatu zuenean eta, bestetik, IAIErekiko harremanak areagotu zituen. Errusiak, mugimendu hauekin, Georgiak, abkhaziar-georgiar arazoaren konponbidea nazioartekotzea ez ezik, Errusiak Kaukaso Handian zuen posizio esklusibo eta nagusia mehatxatzea ere lortu nahi zuela uste zuen, eta guzti honek gatazkan zuen posizioaren aldaketa garrantzitsu bat erakarri zuen.
Hurrengo urteetan, bi aldeen hasierako posizioak okertu egin ziren. Georgiak bere estatuaren lurralde osotasuna aldarrikatzen zuen, eta barne errefuxiatu edo desplazatu guztiak Abkhaziako lurraldera itzultzea. Bestalde, Abkhaziaren eskakizunak Errepublikaren independentzia eta Abkhaziako indarren aurkako operazio militarretan parte hartu ez zuten errefuxiatuen itzulera ziren. Urte horiek negoziazioan aurrerapen nabarmenik egin gabe igaro ziren bitartean, Hego Osetian, Georgiako beste lurralde autonomo batean, egoera pixkanaka okertzen ari zen. Eta georgiar politikarien belaunaldi berri batek gatazka luze horiek beste ikuspegi malguagoekin konpon zitzakeen itxaropena berehala desagertu zen. 2006an, Saakashvilik, Georgiako presidente aukeratuak, osetiarrek Hego Osetiako independentzia erreferenduma gehiengoz irabazi zutenean, akordio bat eskaini zuen, non osetiarrek autonomia maila handia izango zuten estatu federal baten barruan. Osetiako Kokoity presidenteak uko egin zion eskaintzari, independentzia baitzuen helburu. Bandera nazionalista eta antirrusa astindu zen berriro Georgian, eta Mendebaldearekiko harremanak areagotu egin ziren. Errusiak, ordurako jada oso erresumindua eta gobernu georgiarraren politikarekin zapuztua, herrialdeari energia baldintza onuragarrietan emateari utzi zion, eta bere prezioa bikoiztu zuen, georgiar ekonomia hondoratzera behartuz. Saakhasvili presidenteak arazo ekonomikoengatik izan zuen osperik ezaren ondorioz, Hego Osetia erasotzeko erabakia hartu zuen 2008ko abuztuaren 7an, horrela Georgiako gizartearen benetako egoerari buruzko ke gortina bat sortzeko. Guda honek, bertan, alde guztiak inplikatu zituen (osetiarrak, abkhaziarrak, georgiarrak eta errusiarrak), baina Abkhaziari Hego Osetiari baino askoz maila txikiagoan eragin zion, non Errusia zuzenean konprometitua zegoen. Abkhaziak, behin gerra irabazita, bere onurarako lehertu zuen egoera, eta bere gobernuak erabateko kontrola ezarri zuen Abkhaziako Errepublika Sozialista Autonomo ohiaren lurralde osoaren gainean.


Abkhaziarrak Errusiako, Abkhaziako eta Hego Osetiako banderekin Abkhaziaren independentzia eguna ospatzen

Bitartean, 2008an mendebaldeko estatu askok Kosovo onartu izanak erresumin handia eragin zuen Errusian, Serbiaren aliatua, eta Kremlin erabaki nabarmen eta funtsezko bat hartzera bultzatu zuen beste faktore erabakigarri bat izan zen. 2008ko abuztuaren 26an, Errusia, Abkhaziaren (eta Hego Osetiaren) independentzia onartzen zuen lehen herrialdea bihurtu zen, inflexio puntu bat izan zena, errekonozimendu honekin, Errusiak, bakea mantentzeko bere aurreko jarrera bertan behera utzi baitzuen, eta sortzen ari ziren bi errepubliken autodeterminazio politikoaren bermatzaile bihurtu baitzen. 2008an ezarritako errealitate berriak erabat ezberdinak izan ziren 1990eko hamarkadaren hasieran, garai hartan Moskuk Georgia eta Tbilisiren lurralde osotasuna onartzen baitzuen Errusiako Federazioa bitartekari gisa parte hartzearen alde. Behin honetaraz geroz, Errusiaren eta Abkhaziaren arteko harremanen izaera erabat aldatu zen statu quo berriaren eraketan. Abkhazia eta Georgiaren arteko su-etena mantentzeaz arduratzen ziren antzinako bakegile errusiarrak, orain Abkhaziaren independentzia politikoa babestera zuzendutako tropa militar eta mugetako zaindari bihurtuak.

Abkhaziak Estatu bezala izan duen arrakasta erlatiboa, neurri handi batean, herrialde honen ezaugarri geografikoei zor zaie, batez ere Itsaso Beltzerako sarbidea eta Errusiarekiko lurreko muga komunaren erabilgarritasuna, honek, errusiar laguntza militar eta ekonomikoan konfiantza izatea ahalbidetzen duelarik. Gainera, SESBetik jasotako turismoaren sektorearen potentziala oso garrantzitsua da abkhaziar ekonomian, Errusiako turistentzat oso erakargarria den turismo-azpiegitura bat garatu baitzuen. Errusiak Abkhazia ofizialki onartu izanak eta muga komun bat egoteak, neurri handi batean, Abkhaziak EIE-rekin (Estatu Independenteen Erkidegoa) eta Euroasiako Batasuneko beste herrialde batzuekin harremanak eraikitzea erraztu dute (Bielorrusiako, Kazakhstango eta Errusiako aduana-batasunean oinarritutako integrazio ekonomiko eta politikorako proiektua). Herrialde horiek, Abkhazia onartzeari uko egin zioten arren, harekin merkataritza eta ekonomia harremanak aktiboki garatzen zituzten. Beraz, Abkhaziaren arrakasta esanguratsua, nagusiki, aldeko faktore geografikoen eta kanpokoen arrakasta konbinatuaren ondorio izan zen.
2008ko gatazkaren ondoren Errusiak Abkhaziaren independentzia berehalako aitortzak Georgiaren balizko mehatxua baliogabetzen du, baina ez du bere barne egonkortasun politikoa bermatzen, ezta bere ekonomiaren garapen iraunkor eta oparoa ahalbidetzen ere. Izan ere, baldintza horrek zehazten eta ohartarazten du estatuko erakundeak eraikitzea eta garatzea hain zeregin garrantzitsua dela, nola independentzia politikoa lortzea eta zaintzea. Eta Abkhaziaren erdiespen politikoak bere independentzia-prozesuan nabarmenak izan diren arren, ezin da gauza bera esan ekonomiaren alorrean, humanitario esparruan eta nazio-eraikuntzan, non emaitzak nahiko apalak eta hainbat aldetan ere oso eztabaidagarriak baitira. Beraz, Georgiaren adibideak, hots, estatu unitario etnokratikoa eraikitzearen hondamendi-saiakerak Abkhazia abisu gainean, erne eta zuhur jarri beharko luke. Abkhaziak gutxiengo nazionalak ez baztertzea eta gizarte zibil kritiko bat osatzea oinarri izan behar du Errepublikan bizi diren talde etniko guztiak integratu eta seduzituko dituen eredu sendo bat ezartzeko.

Eufrasio Meanurikoa