Abkhazia (2). Orainaldi zail eta arazotsua.

1992-1993ko gerra georgiar-abkhaziarrak suntsitutako Abkhazia bat utzi zuen, suntsitua, muturreko urritasun eta hondamen ekonomikoaren egoeran. Populazio txiki batean gerrak sorturiko giza galerek, aldaketa demografiko drastiko bat eragin zuten, gatazka baino lehen gehiengo etnikoa zen Abkhaziako georgiar populazioaren zati handi bat, herrialdea uztera behartua izan baitzen. 1989ko erroldan (gerra hasi aurretik), Abkhaziak 525.061 biztanle zituen, horietatik %46 georgiarrak eta %18 abkhaziarrak. 2003ko erroldan (gerra amaitu ondoren), biztanleria osoa erdira jaitsi zen 215.272, horietatik 94.606 (%43,95) abkhaziarrak, eta 45,953 (%21,35) georgiarrak.

Errolda
Abkhaziarrak
Georgiarrak
Guztira
1989
93.267              %17,76
239.872              %45,68
525.061
2003
94.606              %43,95
45.953               %21,35
215.272

Bizitza-galera hauetaz gain, gerrak azpiegituraren suntsidura ekarri zuen, eta halaber, kriminal armatuen banden sorrera eta hazkundea, errefuxiatuek utzitako jabetzaz baimendurik gabeko konfiskazioak, estatu eta merkataritza instalazioen legez kanpoko pribatizazioa eta, azkenik laburbilduz, psikologikoki traumatizatutako biztanle zibilaren bizi-egoera okerragotze eta larriagotzea.

Abkhaz borrokalariak Sukhumen

Bizitzak galtzeaz gain, gerrak azpiegitura suntsitzea, banda kriminal armatuak handitzea, errefuxiatuek utzitako ondasunak baimenik gabe konfiskatzea, estatuko eta merkataritzako instalazioak legez kanpo pribatizatzea eta, azken batean, psikologikoki traumatizatutako populazio zibil baten bizitza prekarizatzea eta larriagotzea ekarri zuen.
Gerrak, ezinbestean, hainbat urtez atzeratu zuen estatu demokratiko bat eratzeko prozesu hasiberria, lehentasunezko kezka nazioaren biziraupena, gerran irautea eta Georgiatik bereiztea zela kontuan hartuta. Gerran abkhaziarrak motibatu zituen funtsezko argudioa independentziaren ideia izan zen, estatu berri bat garatzeko aske izateko itxaropena. Gerra amaitu ondoren, estatu demokratikoa eraikitzeko hasierako prozesua oso zaila izan zen, ekonomia sozialista batetik merkatu-ekonomia batera igarotzea zekarrelako, estatu-legeen erreforma-ahalmen oso mugatua zuen erakunde-sare ahul baten testuinguruan, bai baliabideen eskasiagatik, bai tokiko agintarien esperientziarik ezagatik eta gaitasunik ezagatik. Eta hori guztia gerraostearen biziraupenak, zigor ekonomikoek eta liskarrei berriro ekiteko etengabeko mehatxuak gizartearen egunerokotasuna biziki baldintzatzen zuten egoera batean. Une hartan, bada, ez zen aukerarik izan pentsatzeko zein estatu mota izan beharko lukeen Abkhazia independente berriak, ez zein bere ideologia, ezta zein bere proiektu nazional funtsezkoena ere nazioa bateratzeko. Oro har, zuzenbide estatuan oinarritutako estatu demokratikoa eraikitzea pentsatzen zen, Errepublikako Konstituzioan islatu zen bezala. Nahiz eta denak ziur zeuden Estatuaren eraikuntzaren arazoei buruzko azterketa serio bat egiteko unea iritsiko zela, interes nazionalak definitzekoa eta epe luzera herrialdearen helburuei ekitekoa.

Gerra haserako ezbeharrak eta ihesak. Georgiarrak ihesean mendiak zeharkatzen

Baina egoera politiko korapilatsuak prozesu horren bidea nahiko erreakibo eta tupustekoa izatea eragin zuen. Abkhaziar estatuaren eraikuntzan, ildo nagusia, iraganean, Errusia tsarraren edo Georgia Sozialistaren menpe egon zen politiken gainditzean edo arbuioan oinarritu zen. Abkhaziaren georgianizazio planak, ia mende batez ezarria eta abkhaz nortasun etnikoa desegitea helburu izan zuena, eragin handia izan zuen prozesu eraldatzaile honetan. Ondorioz, Abkhazia independente baten garapenak, Georgiaren mehatxuak eta iraganeko arazoek baldintzatua, inplizituki Georgiaren aurkako jarrera bat ekarri zuen, Abkhaziaren aldeko beste jarrera nazional bat baino, gaur egungo beharren eta erronken kontsiderazio eta azterketa arduratsuan oinarritua.
Horrela, bada, 1994an onartutako Abkhaziako Errepublikako Konstituzioak estatu demokratikoaren oinarriak finkatu zituen, baina, ezinbestean, oraintsuko Gerrarekin lotutako ezaugarri batzuk zituen, hau da, exekutiboak botere legegilearen gainetik zuen nagusitasuna, presidente-izendapenei aplikatutako irizpide etnikoa, boterea presidentearen eskuetan kontzentratzea eta botere judizialaren mendeko jarrera. Konstituzioan ezarritako gobernu sistemak ez zuen Estatuko hiru botereen arteko oreka zuzena lortzen, kontrol eta ebaluazio sistema desegokia zen berroreka lortu ahal izateko, eta ez zegoen erakunde eraginkorrik giza eskubideak defendatzeko. Dena dela, Konstituzioak estatuaren oinarri demokratikoen funtsezko bermatzaile izaten jarraitu zuen gerraosteko urte zailetan, nahiz eta haren defizitak egungo arazo politikoetan eragin erabakigarriak izan.

Abkhaziaren ikurra eta Konstituzioa

Zalantzarik gabe, 2008an Errusiak Abkhaziaren independentzia aitortu ostean, bi estatu hauen artean urtero sinatu ziren akordioek, bai finantza arloan, bai sozialarenean ere, oso baliagarriak izan ziren dinamika soziala indartzeko eta sustatzeko. Bestalde, hitzarmen hauei esker muturreko penuriako giza egoerak konpontzen lagundu zuten, adibidez, SESB kolapsatu eta Georgiarekin gatazka militarra izan ondoren egoera negargarrian zeuden pentsiodunei ordaintzea ahalbidetu zena. Beraz, 2009ko apirilaren 30ean, Abkhaziak eta Errusiak hitzarmen bat sinatu zuten Abkhaziako estatuko muga babesteko ekintza batasuna ezarriz, 2010eko otsailean berritu zena, non Abkhaziako lurraldean base militar bateratu bat sortzea erabaki baitzen. Honetaz gain, Errusiak 1,8 mila milioi errublo esleitzea ere Abkhaziarako diru-laguntzetan, 2011rako 2,2 mila milioikoa izan zena.
Oro har, baiezta daiteke 2009-2014 aldia hazkundearen aroa izan zela abkhaziar ekonomiarentzat, bai Errusiako turisten joan-etorri handiagatik, bai aldameneko Sochin instalazio olinpikoak eta Abkhazian Errusiako base militarrak eraikitzeko materialen hornidura-merkataritzagatik. Errusiako finantza-baliabideek garapen sozioekonomikoaren programak jarri zituzten abian, berrikuntza eta modernizazioa ahalbidetzeko, bai eta herrialdearen politikan eta kudeaketan eraginkortasun handiagoa izateko ere. Bazirudien Errusiaren helburu nagusiak, Errepublikari laguntzeko grinan, ondo bideratuak zeudela. Baina itxurakeria faltsu bat izan zen. Hasiera batean modernizazio hori benetakoa izan bazen ere, eta faktore errusiarrak eragin positibo handia izan bazuen ere herrialdearen eremu sozio-ekonomikoan bertako biztanleen bizi-maila hobetuz, halaz guztiz ezin izan zuen bermatu errepublikaren barne politika bere egonkortasunari, garapen iraunkorrari eta oparotasun ekonomikoari dagokienez. Benetako emaitza biztanleriaren diru-sarreretan arrakala esanguratsu bat irekitzea izan zen, eta honekin batera segregazio eta desartikulazio sozial handiagoa, ustelkeria eskala handian finkatzea eta kriminalitate-tasa altua. Ondorioz, guzti honek eragin negatiboa izan zuen herrialdearen barneko ingurune politikoan, protestak eta desadostasun orokorra eraginez. Eta itxurazko oparotasun egoera zena deblauki osotoro aldatu egin zen 2014ko udan.

Alexander Ankvad, Abkhaziako hirugarren lehendakaria (2011-2014)

Oposizioak antolatutako kale-protestek estatu-kolpea eragin zuten, eta Alexander Ankvab Abkhaziako hirugarren presidenteak dimisioa eman behar izan zuen. Haren lekua Raul Khadzhimba oposizioko buruzagiak hartu zuen. Honek, bere egoera politikoa indartzeko, 2014ko azaroaren 24an Errusiarekin aliantza estrategikorako itun berri bat sinatu zuen, baina honek bakarrik Kaukasoko hegoaldean Moskuren posizio geoestrategikoa sendotzea ekarri zuen. Kremlinek krisi politikoa maltzurki aprobetxatu zuen eta Khadzhimba bere begikoena boterean jartzeaz gain, elkarte estrategikoaren itun historiko bat Abkhziari sinarazi zion. Horren harira, itun honek bi ondorio zuzenak erakartzen zituen analista askoren eritziz: batetik, Errusiak Hego Kaukason zuen posizio estrategikoa erabat indartuta gelditzea, bestetik, Abkhazia Moskuko  geopolitikoaren peoi bihurtzea. Zentzu honetan, Vladimir Putinek iragarri zuen 2015-2017an Abkhaziako garapenaren inbertsio programari emandako diru laguntzaren bolumena urtean lau mila milioi errublo ingurukoa izango zela, eta gaineratu zuen bi aldiz handituko zuela Errusiak Abkhaziari emandako laguntza. Halarik ere, proposatutako lankidetza moduek nabarmen mugatzen zuten Abkhaziaren subiranotasuna, ez soilik defentsa eta kanpo politikaren esparruan, protektoratuen adibide gehienen ezaugarri komuna dena, baita barne arazoetan ere, Abkhaziaren menpekotasun handiagoa adierazten zuena. Hala ere, itunean oso garbi islatuak agertzen ziren soldaten igoera mailakatua, pentsioen igoera eta beste berme sozial batzuk, guztiz beharrezkoak abkhaziarrentzat zirenak, baita Errepublikaren subiranotasuna murrizteko neurri konpentsatzaile gisa jasoak izan zituztenak ere. Benetan hala zen, itunak pertsonen arazo sozialekiko kezka agertzen zuen, baina pertson hauek, Errusiako hiritartzat hartuak izan ziren, ez Errepublikako abkhaziartzat bezala. Zalantzarik gabe testu eztabaidagarria zen, beraz, eta, abkhaziarren artean desberdintasunak eragin bazituen ere, Errepublikako Herri Batzarrean berretsia izan zen 2014ko abenduaren 22an, 5 diputaturen oposizioarekin.

Khadzhimba eta Putin, Abkhazia eta Errusiaren arteko Itun estrategikoa sinatu ondoren (2014-11-24)

"Errusiarekin, onerako edo txarrerako", horixe izan zen abkhaz gizarteak itun hori sinatuta jaso zuen mezua. Gaur egun Sukhum hiriburuan eta Abkhaziako beste lekutan ere ikusgai dira Errusiak azken urteotan ekarri dituen milioika errubloen ondorioak (Errusiaren finantzaketak aurrekontuaren %60 inguru estaltzen du). Sukhum Kaukasoko hiri arrunt bat dirudi, denda zaratatsuak eta trafiko-buxadurak dituena, hondakinetan dauden eraikinak berreraiki dira, auto japoniarrak daude kaleetan, gama altuko produktuak saltzen dituzten dendak, Tissot erlojuak, iPhoneak ……, denetariko produktuak salgai daude eta eskuratu ahal izango dira: txirrindak, telebistak, jantziak, jateko produktuak, kirol materiala, etab. Abkhazia oraindik txiro eta behartsua da, baina jada ez dago suntsituta. Errepublikak errublo errusiarra erabiltzen du, eta bere egungo erorketaren onena eta txarrena partekatzen ari da, inflazioaren gorakada eta bere zitrikoen eta bestelako produktuen eskari handiagoa. Gaur egun, eraikuntzaren goraldia amaitu da, eta Abkhaziako bainuetxeetara joandako Errusiako turisten fluxua nabarmen jaitsi da, hauetariko asko Krimeara joaten delako. Abkhaziar ekonomia atzeraldian dago, baina bizitzak aurrera jarraitzen du, publikoak Errusiako telebistari begiratzen dio, eta kanpora bidaiatzen du soilik Errusiatik barrena. 2008tik, Errusiak Abkhazia estatu independente gisa onartu zuen urtetik, gutxi aurreratu da Genevan egiten ari diren Georgia-Abkhazia negoziazio politikoetan, baina, gutxienez, ez dago elkarri suntsitzeko mehatxurik, liskarrak gatazka bortitza izateari utzi dio eta garai bateko erretorika gerrazalea gutxitu egin da. Gutxi ez dena.

Sukhum, Abkhaziako hiriburua

Hala ere, egungo gizartea zatituta dago 2014ko gertaerengatik, eta ez litzateke gehiegizko ausarkeria esatea urte hura 1993tik Abkhaziarentzat gogoangarrienetako bat izan zela. Izan ere, 2008. urtearekin baino ezin da alderatu, Errusiak azkenean formalki aitortu baitzuen Abkhazia estatu subirano independente gisa. Sergei Shamba Atzerri Arazoetako ministro ohiak laburbildu zuen egoera, esanez, behin kanpoko arazo nagusia (Georgiaren mehatxua) konponduta, Errusiaren aitortzak abkhaziarrei eman ziela elkarren artean eztabaidatzeko aukera. Eta hala izan zen. 2014aren ondoren, Estatuko boterearen krisi sistemikoak prozesu sozial eta ekonomikoen kudeaketaren eraginkortasuna murriztu zuen, ekonomiaren krisi-fenomenoak sakondu zituen eta protesta-gogoaren egoerak etengabe handitzea ekarri zuen. Egia esan, sistema hori aspaldian porrot-egoeran dago, eta egiturazko erreforma oso bat premiaz eskatzen baitu, baina elite politiko zaharrak uko egiten dio erreforma hori aitortzeari, eta berriak ez du nahikoa baliabiderik horri aurre egiteko. Oro har, hauxe izan zen post-sobietar aldian errepublika gehienen historia, nahiz eta horietako batzuek gainditu egin zuten elite politiko "zaharraren" ordez beste "berri" bat, aurrerakoiagoa ordezkatuz.
Abkhaziako errealitate garaikidera hurbilago egoteko, bizimodu soziologikotik begiratuta, oso garrantzitsuak dira Pragako "Ekialde Ertaina" albiste-agentziak ematen dituen datuak. Agentzia horrek aldizka egiten ditu iritzi-galdeketak 2006tik. Horretarako, oso kontuan hartu behar dira abkhaziarren portaerari, lehentasunei eta irizpideei buruz une desberdinetan (2006, 2011 eta 2016) egindako inkestetan emandako datuak. Perspektiban irakurrita, pentsatzekoa da Errusiak 2008an Abkhaziaren independentzia aitortzeak abkhaziarrentzat esanahi politiko sakona eta berezia izan zuela, eta horrek sakoneko aldaketa itzela eragin zuela, etorkizunari begira gizartearen ikuspegiaren aldaketa nabarmena adierazten zuena. Hau da, "mehatxu georgiarraren" gaia garrantzia galtzen joan zen bitartean, beste bat, oso bestelakoa, leku nagusia hartzen ari zen, hau da, Abkhaziaren independentziaren kalitatea, bere estatalitatea. Eta, egia esan, gai hori eztabaidagarria izan zen, nahiko problematikoa, eta eredu idealetik oso urrun. Zergatik? Inkesten emaitzek agerian utzi zuten abkhaziarrek eragiten eta adierazten zituzten arazo larri eta mingarriak zeudela, bereziki sozioekonomikoei eta segurtasunari buruzkoak, eta datu hauek beste errealitate izkutua garbiki azalarazten eta mahaingaineratzen zutela. Baina are okerragoak ziren giza eskubideen egoerari buruzko datuak, galdetutakoen % 59k ez zirela errespetatzen uste baitzuten.

2008ko abuztuaren 26an, Sukhumgo Askatasunaren Enparantzak Abkhaziako dozenaka mila herritar bildu zituen ordu gutxiren buruan, eta Errusiako presidenteak Abkhaziako Errepublikaren nazioarteko aitorpenari buruzko Dekretua sinatu zuela entzun bezain laster iritsi ziren hona.

Eta, azken aldian egindako iritzi-inkesta horiek, Errepublikako Estatuaren auziari heltzean (Errusiarekiko independentzia edo batasuna), 2008ko abuztutik aurrera Abkhaziako gizartean aldaketa garrantzitsu bat gertatu zela erakusten dute, hau da, Abkhaziaren erabateko independentzia-egoeraren ideiak azken zilegitasuna hartu zuela herritar gehienen begietara, eta herriaren gogo-aldartearen faktore nagusi bihurtu zela.
Honi buruz oso adierazgarria da behatzea 1991ko martxoaren erreferendumean gertatutako emaitzek nolako bilakaera izan duten denboran zehar. 1991ko martxoaren erreferendumean abkhaziarren gehiengo handi batek (%98,6) SESBri atxekimena eta leialtasuna adierazi zion, haren babesaren eta zaintzaren aldeko bozka emanez; gero, 2006an, beste gehiengo nabarmen batek (%68) Errusiaren batasuna (%68) uste zuen modurik onena Errepublikaren estatu-arazoari aurre egiteko Abkhazia Errusiarekin batzea zela; eta, azkenik, 2011n, Abkhaziaren independentzia onartu eta hiru urtera, Errusiak Iritzi publikoa erabat aldatu zen irizpidez, emaitza sendo batekin: %73 Abkhaziaren independentzia politikoaren alde zegoen, eta %24.6 bakarrik Errusian sartzearen aldezleak.

EIE-Estatu Independienteen Erkidegoa

2016an egindako azken iritzi-inkestan, inkestatuen erantzunen arabera, %45,2 errepublikaren independentziaren aldekoak dira, %27 Errusiarekiko batasunaren aldekoak, %16.7 Abkhazia EIEn satzeraren alde estatu bereizi gisa, eta %1,6k defendatzen dute Eurasiako Batasun Ekonomikoarekin (EBE) bat egitea. %9,5ek ez diote galdera horri erantzuten. Nabarmentzekoa da Abkhaziako biztanleen artean independentziaren aldekoen kopurua (%45,2) hainbat integrazio-proiekturen jarraitzaile (Errusia, EIE edo Eurasiako Batasun Ekonomikoa) ia guztiei dagokie (%45,3). Jakina, agertoki baten edo bestearen aldekoen kopuruaren hazkunderik handiena, azken batean, integrazio-proiektu horien arrakasta-mailaren eta abkhaziar nazioaren eraikuntzaren araberakoa izango da, batez ere inkestatuen ia %10ek horri dagokionez lehentasun argirik ez dutenean.
Hurrengo taulan, 2008an Errusiak Abkhaziaren independentzia onartu ondoren izandako aldaketen dinamika islatzen da; Abkhaziaren independentziaren aldeko apustua egin dutenen kopurua 2011ko %73tik 2016ko %45,2ra jaitsi da. Aldi berean, Errusiako Federazioan sartzearen alde daudenen kopuruak gora egin zuen apur bat, 2011n %24,6tik 2016an %27ra. Badirudi independentziaren aldeko beheranzko dinamika horrek nolabaiteko etsipena adierazten duela herritarren artean Errepublikaren garapenaz estatu independente gisa, eta horrek ere zalantzazko kopurua handitzen du.

Errolda
Abkhazia independientea
Errusiarekin batasuna
EIErekin batasuna
EBErekin batasuna
Erantzunik ez
 1991

   % 98,6



 2006
         % 25
% 68



 2011
         % 73
        % 24,6
        


 2016
         % 45,2
% 27
% 9,5
        % 1,6
        % 9,5

• EIE-Estatu Independenteen Erkidegoa. Gaur egun, Sobietar Batasuna desegin ondorengo naziogaindiko erakundea, antzinako 15 sobietar errepublikatik 11 estatuk eratua. Errusia, Ukraina, Bielorrusia, Azerbaijan, Armenia, Moldavia eta Erdialdeko Asiako bost errepublikaz osatuta: Kazakhstan, Uzbekistan, Turkmenistan, Kirgizistan eta Tadjikistan. Ukrainak, bileretara joan ez den arren, erakundearen “de facto” kide izaten jarraitzen du.
• EBE-Eurasiako Batasun Ekonomikoa. Ipar Eurasiako estatueko osatutako batasun ekonomikoa da: Bielorrusia, Kazakhstan, Kirgizistan, Armenia eta Errusiako Aduana Batasunean oinarritutako lege ekonomikoaren proiektu bat da. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna izandakoaren estatuak dira denak, eta 170 milioi herritarrek osatutako merkatu bat da Errusia buru delarik.

EBE-Eurasiako Batasun Ekonomikoa

Honez gain, eta Errepublikako kanpo-politikaren orientazioari dagokionez, inkestatu gehienek adierazi zuten nahiago zutela Errusia (%74,4), eta, ondoren, EIE (%15,2), Europar Batasuna (%2,2), AEB (%1,9), Turkia (%1,7) eta Txina (%0,8). Aipatzekoa da gehiengo handi batek oso onuragarritzat jo zituela Abkhaziak Errusiarekin zituen harremanak.

Harremanen lehentasuna
     Errusia
        EB
AEB
Turkia
Txina
     % 89,6
      % 2,2
     % 1,9 
     % 1,7
% 0,8

Medvedev Errusiako presidenteak Abkhaziako enbaxadorearen kredentzialak jas

otzen (2008-11-14)

Bestalde, inkestaren arabera, abkhaz gizarte modernoaren egoera sozioekonomiko orokorra ere, nolabait soslaitzen da. Egungo Abkhaziako arazo larrienak zeintzuk diren galdetuta, %39,4k sozio-ekonomikoak direla erantzuten dute, batez ere, langabezia eta bizi-maila baxua [mediku asistentzia eskubidea (%14,2); gizarte segurantzako eskubidea (%12,6) eta lan egiteko eskubidea (%12,6)]. Kopuru arinki txikiagoentzat (%35,1) segurtasun arazoak dira, batez ere krimenak. Hirugarrenik, ustelkeria (%18.4), ondoren %2,3k soilik aipatzen ditu etnien arteko harremanak, eta %1,1ek erlijioa.
Giza eskubideen errespetuari dagokionez, %59k uste du ez direla errespetatzen, eta %35,5ek bai. Gehien urratu direnen artean, honako hauek izan ziren nagusi: "Bizitzeko eskubidea eta haren babesa" (%13.8), "Legez kanpoko atxiloketak eta atxiloketak ez jasateko eskubidea" (%13.8) eta "jabetza pribaturako eskubidea" (%13.3). Oso esanguratsua da inkestatuen kopurua (%10.5), "beren nazionalitatea argi eta garbi adierazteko eskubideari" buruzkoak.
Bestalde, oso interesgarriak dira, "Abkhazian gutxiengo nazionalen eskubideak errespetatzen badira" galderari inkestatuen erantzunak, naziotasunaren arabera aldatzen baitira. Abkhaziar etnikoen artean, Abkhazian gutxiengo nazionalen eskubideak erabat errespetatuak direla uste dutenen ehunekoa % 40,8 izan zen. Baina errusiarren, armeniarren eta, batez ere, Abkhaziako georgiarren artean, pertsonen ehuneko hori abkhaziarren artean baino nabarmen txikiagoa izan zen: Abkhaziako errusiarren %34,3k uste dute gutxiengo etnikoen eskubideak errespetatzen direla; armeniarren %22,5era jaisten da, georgiarren %7,1era soilik abismatzeko, eta horrek berretsi egiten du egoera problematikoa. Beraz, inkestaren emaitzek agerian uzten dute georgiar etniako populazioaren babesgabetasun-egoera berezia Abkhazian; izan ere, egoera historiko jakin batzuen ondorioz, egoera hauskorragoan eta ahulagoan dago, errepublikako beste gutxiengo nazionalekin alderatuta.


Gali barrutia

1992-1993ko gerran Abkhaziako lurraldetik ihes egin zuten errefuxiatu georgiarren auzia da oraindik ere gatazka normalizatzeko eta nazioartean finkatzeko oztopo garrantzitsua den arazo iraunkor eta gaizkoatuenetako bat. Gerratik 25 urte igaro eta gero, liskarrak konponbide politikotik urrun jarraitzen du, 200.000 pertsona baino gehiagoren bizitzak bidegurutzean utziz, gehienak georgiar etniakoak. Abkhaziako eremu bakarra, non agintariek desplazatuen itzulera baimendu baitzuten, Galiko barrutia da. Mugako barruti honetan, Abkhaziako biztanlerik dentsitatetsuenetako bat, georgiar etniako gehiengoa (%96 osatuz) zuen biztanleria bizi zen, borroketan trumilka ihes egin zuena errepresalien eta garbiketa etnikoaren beldurrez, Abkhaziako beste toki batzuetan bizi ziren georgiarrek egin zuten bezala.
Nahiz eta 40.000 pertsona Galiko etxera itzuli diren, abkhaziar agintariek euren eskubide zibil eta politikoez gozatzea galarazten dieten oztopoak sortu dituzte. Gaur egun, egia da Galiko egoera sozioekonomikoa bereziki larria dela, nabarmenduz muturreko pobrezia, langabezia eta georgiar eta abkhaziarren arteko tentsio etnikoek eragindako kriminalitate tasa altua. Bestalde, gerra bukatu ondoren soldado errusiarrak Georgiaren eta Abkhaziaren arteko mugan zehar kokatuak eta hedatuak izan ziren mugazain bihurturik. Eta ezinbestean berehala piztu zen tokiko populazio georgiarraren haserrea errusiar mugazaindari hedapen honekin. Arrazoi osoz, errusiar mugazainek georgiarrei mugimendu askea galarazten zieten, mugaren beste aldeko bere senideekin komunikatzea zailtzen, eta mugaz gaindiko merkataritza mugatzen, bere bizibidearen euskarria, neurri handi batean, baldintzatuz. Baldintzatzaile sozial negatibo guzti hauek, hau da, Gali barrutiko bizi maila baxuak, langabezia handia, Georgiarako muga zeharkatzeko oztopoak, euren eskubide zibilen murrizketak (lanerako eskubidea, euren jatorri etnikoa publikoki erakusteko eskubidea); guzti honek, Abkhaziako georgiarrak, bigarren mailako hiritartzat hartzera eramaten ditu. Eta diskriminazio-egoera hori, Georgiako Abkhaziako biztanleek oso modu negatiboan hautematen dutena, 2016ko apirila-maiatza bitartean Gali barrutian egindako inkestan islatzen da, bertako biztanleek Abkhaziako proiektu nazionalarekiko duten desafekzio nabarmenarekin, Georgiakoarekiko begikotasunak nabarmen areagotuz.

Abkhaziako georgiar biztanleriaren exodoa

Beraz, abkhaziar gizartearen egungo egoera oso konplexu eta arazotsua da. Aurre egin beharreko arazo eta erronka nagusiak maila instituzionalean daude: botere betearazleak botere legegilearen gainetik nagusitzea, sistema judizialaren eskumenik eza, arazo sozioekonomiko larriak, tokiko autogobernuaren eraginkortasunik eza boterearen gehiegizko zentralizazioagatik, Abkhaziako hizkuntza eta kultura babesteko bermerik eza, identitate etnikoaren nagusitasuna identitate pan-nazionalaren gainetik, gizartearen zatiketa lerro etnikoetan, georgiar desplazatuen arazo kezkagarria, giza eskubideak ez betetzea, etb. Laburbilduz, urte askotako lan gaitza gizarte arazo ugari  bideratzeko eta zuzentzeko. Zalantzarik ez, lan hori eraginkorra izango da biztanleria osoa integratzen bada, nazio baten eraketa bultzatuz eta, aldi berean, aniztasun etnikoa babestuz. Hori izango litzateke funtsa, oinarrizko lana eta modu bakarra Errepublikaren Estatua garatzeko lehentasunen inguruan adostasun orokorra lortzeko, arrisku berriak, kanpokoak edo barrukoak, sor ez daitezen.

Eufrasio Meanurikoa